Eduardo Chillidaren sortzearen mendeurrena 2024ean ospatzen du Euskal Herriak. Espazioa aztergai nagusia ukan zuen. Paper, burdin, altzairu, egur edo betoiez. Haren obrak ingurua eta ingurumenarekin harremanetan sartzen da, Chillida Lekun bereziki, publikoarekin bere obra partekatzeko sortu zuen gunean.
Donostian sortua, Euskal Herrian arras errotua, eta bereziki haren Gipuzkoan, futbolzalea eta futbolaria, (Real sociedadeko atezaina izana), Madrilen arkitektura ikasketak egiten ditu bainan cursus hau uzten du pintura, marrazki, grabado eta zizelkaritzari ekiteko.
Ohiz kanpoko ibilbidea
Parisera doa non Brancusi, Tapiès, Calder, Miro errekontratuko dituen, hauekin adiskidetasun oparoa sortuko delarik. Maeght Fondazioa bere obraz ohartzen da eta 50ko hamarkadaren erdian erakusketak egiten dizkio. Giacometti, Chagall eta abrren bideak gurutatzen ditu. Berehala bere ibilbidea zalutzen da. Gaston Bachelard filosofoak, Chillidaren lehen erakusketaren katalogoa idazten dio. Euskal artista "Espazioaren arotz edo errementaria" poetikoki deitzen du.
Chillidak behin eta berriro xerkatzen du, xuri eta beltz, hutsune eta betegunearen arteko elkarrizketaren sortzeko. Bizitan osoan espazio berriak ikertu eta esploratuko ditu.
Munduan gaindi hamaika erakusketa !
Eduardo Chillida euskal artisten artean garrantzitsuenetakoa bilakatzen da, zeinen obrak munduan gaindi erakusten diren : Pariseko Unescoren egoitzan, Kantzelaritza federalean, Berlinen, Frankfurten, Madrilen, Bartzelonan, Sevillan, Gijónen, Grenoblen, Dallasen eta noski, Euskal Herrian.
Herriarekilako engaiamendua edo konpromisua handia izan zen Chillidarena, frankismoaren bukaeran, askatasun eta amnistiaren aldeko mugimenduen logotipoak eginaz, nola Euskal Herriko Unibertsitatekoarena. Bere artea Euskal Herrian garatzen diren bakearen aldeko ekimenen serbitzuko ematen du ere bai zein Giza eskubideen alde (Amnesty international).
80 - 90ko hamarkadetan Chillidak bere obra monumentalak erakusteko toki baten sortzeari ekiten dio, eskultura batzu 8 metroko goratasuna izanda. Intimoagoak direnak Zabalaga baserrian presentatuko ditu. Chillida Leku sortuko da Hernanin erosiriko eremuan. 2000an inauguratzen da lekua. Zizelkaduren parke bat, zeinean obren artean ibiltzea gomitatua den bisitaria, oihan batean zuhaitzen artean paseatzen den bezela.
GOMITAK
Luis Chillida, Chillida - Belzunce fundazioaren burua da, 2017tik Chillida Leku animatzen eta kudeatzen duena, Hauser & Wirth deitu galeria suitzarrarekin. Ezinbesteko partaidetza, tokia zutik mantentzeko, 9 urtez itxita egon zen Chillida Leku, 2010etik 2019arte. Hitzarmenak fondazioa eta galeriaren kolekzioen trukaketak errazten ditu ere bai.
Bere denboretako artista handienetakoekin bere aitak zituen harremanez eta adiskidetasunaz oroitzen da Luis. Norberak bere eran lan egiten zuen, bideak urratzen, ikerketak sakontzen eta esperientziak egiten, bainan elkarrekin ideiak eta gogoetak partekatzen izugarrizko kultura irakiduran.
Luisek, Chillida intimoagoa aipatzen digu, Aita izan zuena, haurren zorionari erne. Zabalaga etxaldearen inguruan dauden eskulturak jolastokia zitzaien. Bide bat zen Chillidaren obra beraiena egin zezaten umeek !
Lurra deitu planetarekin Aita konektatzen zuen pertsona Ama zen, ezen bera bere unibertsoan bait zegoen ! Erabat osagarrizkoak ziren.
Luis Chillida
2000an grabatu genuen Pilar Belzunceren lekukotasuna :
Eduardok ukan eta egin duen ibilbidea Pilar Belzunce hareb emazteari esker izan da. 8 seme alabek osatzen duten sendia sortzen dute. Eduardo arteari burubelarri dedikatzen zaio eten gabe. Pilar, haren ondoan, zurkaitz sendoa. Berrikitan Telebista espainolean (TVE), biek mendeurrenaren omenaldiak merezi zitutzela adierazi du Luisek. Amari zer gorazarre ! Pariseko hasieratik Pilarrek lagundu eta bultzatu zuen Eduardo. Eta gero bizitzan osoan.
Mikel Chillida, Eduardo Chillidaren familia haundiko 27 bilobetakoa da ! Aitonaren unibertsora nola sar daitekeen esplikatzen digu, nautura edo izadiarekin bat eginik. Pixka bat Haizearen orrazeak deitu obrarekin bezela, zeinek itsasoa eta haizeari desafioa boatzen dien, Donostiako Ondarreta ondartzaren puntan. Chillidak bere mundura modu intuitibo batez sar gaitezen espero zuen, bere "obren lurrina" segituz, Mikelek dioenez. Eta hain zuzen "aromak" deitzen zituen Eduardok, monumentalak sortu aitzin egiten zituen maketak. Chillidaren obra ditugun bost zentzumenetarik lauen bitartez neurtzen eta ulertzen ahal dugu : usaimena beraz, ikusmena, entzumena, hunkimena. Ezen kartsuki nahi baitzuen obrak hunki eta ferreka ditzagun.
Gure galderei inoiz ez zien erantzunik Aitonak, bainan pentsatzera bultzatzen gintuen, bai eta guk geuk erantzun hauek atxeman genitzan. Gurekin jolasten zuen. Eguberriak hemen, izugarriak ziren !
Mikel Chillida
Luis, bere aitak bezela, Mikelek beste Chillida bat ezagutarazten digu, hala nola Eduardo izan zen aitona izugarria, bai eta ere izan zen Euskalduna : "Errotik euskalduna, zuhaitz bat bezela eusko lurrean sustraitua eta adarrak lau haizetara zabalik, munduari zabalik."
Nausica Sanchez, Chillida Lekuko Ikerkuntza eta Hezkuntza sailaren arduraduna da. Chillidak bere burua hutsaren arkitektotzat jotzen zuen. Eduardok bere lana inspiratu zuten eta horren maite zituen artista, pentsalari, filosofo, idazleei egin omenaldiak aipatzen dizkigu. Erreferente "klasikoak" zein garaikideak : Cioran, Goethe, Braque, Balenciaga, Fleming, Hokusai, Ruiz Balerdi, Lizardi, Aresti besteak beste. Unibertso oso bat zeinek Chillida izan zen kultura haundiko gizona errebelatzen digun. Bizi osoan, jakingura eta xoramenerako gaitasuna izan zituena.
Musika zuen maite, Bach bereziki. Txirrita horrentzako Bachen suiteak bidelagun ditugu.
Bere obra, musikala da. Horren aipatzeko erritmoak, ixiluneak, bibrazioak, aldaerak hitzak erabiltzen dira !
Nausica Sanchez
Chillida eta gazteak : Chillidak ume edo haurrekilako zeukan harreman uler eta senti daiteke Antenne 2 kate publikoko 1976ko programa bati esker. Chillidak Maeght fondazioan haurrak errekontratzen ditu, Saint-Paul-de-Vence herrian, elkarrizketa izugarriak sortzen direlarik. Hain zuzen, Chillida Lekuko Heziketa sailaren ardura ermanaz, Nausicak Chillidaren munduarekin haurrek daukaten lotura hain azkarra eta zergaitk horren mintzatzen zaien erraten digu.
Gehiago jakiteko, deskubritzeko :