Anne Etchegoyen, euskaldun kantariak pasio handiz ohizko euskal abestiak eta engaiamendu feminista nahasten ditu, Gero eta ezagutuago den talentua eta ibilbide aparta. Donapaleuko abesbatzaren baitako hastapenetik nazioarteko eszenatokietara haren herriko baloreak eta kultura harrotasunez defendatzen ditu. Artista independenteak, lagun musikariekin mestizaia musikala berezia eskaintzen du. Horren deskubritzera gomitatzen zaituztegu emankizun honetan.
Gazte gaztetatik kantuari lotu zaio, Amikuzeko abesbatzan hasiz, gero Baionako musika eskolan eta ondotik Bordalekoan musika aztertuz eta ahotsa landuz.
Hastapenetik kantatzeko artea eta plazera goren mailara eramaten ditu, Euskal herriko mugetatik haratago. Lagunekin kantatzea oso gogokoa du ere bai, bere ADNean alegia. Bere azken diskan, Festa deiturikoan ageri den bezela. Eta aunitz dira adiskideak, askotarikoak emankizunean ikusiko dugun bezela. Alma Loca taldeko gitarra flamenko joleak, Patxi Garat, Cali, Camille Lopez, Paxkal Ondarts, Lacho, Aizkoa abesbatza (eta lehen Oldarra korua) ez deus guttiago ! Jite edo aiurri handiko andere horrek euskal kanta ilustratzen du.
Emazte guzientzako ahotsa
“Emazte” deitu bere azken diskoan, Beñat Etxepare idazle nafartarrak 1545ean argitaratu olerki bilduman bezela, emazteen defentsan eta fagorean inplikatzen da Anne Etchegoyen. Dolores Ibarruri, PCEko buruzagia eta errepublikarra omentzen du ere bai, "Diktadura kanpora" kantua Pasionariari dedikatuz. Nahasiak ditugun denbora hauetan oihartzun berezi bat daukana. "No pasaran" Errepublikar espainolen kontsigna errepikatuz.
Emazteen eskubideen alde beste abesti bat grabatzen du Itziar Ituño, La Casa del papel serie famatuaren antzeslearekin. “Ez da EZ”. Eraso sexualak eta emazteei egin indakeriak gogor salatzen dituzten kantua eta bideoklipa.
Anne Etchegoyenek herriko kantuak gustukoak ditu. Maiz gertatzen denez gazte gaztea izanda familian entzun zuen euskal errepertoria.
Olerkari eta abeslari garaikideak ere biziki preziatzen ditu besteak beste Xabier Lete edo Imanol Larzabal. Mundu zabaleko artisten abestiak bere gisan interpretatzen ditu bestalde, Mercedes Sosa zein Barbararenak. Zabal zabala da haren mundu musikala !
Erlisionezko kantuek Anne markatu zuten haurra zelarik. Kantiken edertasuna, ozenki emanak akustika hain ona daukan Donapaleuko elizan (Euskal herriko eliza gehienetan bezela egia erran). Euskal Agur Maria nola Schubertena abesten ohi ditu. Andere gaztearentzat izpirituzko bilaketak garrantzia du, zeinek Konpostelerako bidea egitera eraman duen. Ezinbesteko etapa bat bere bizian.
Kantuen partekatzea
Patxi Garat aspaldiko laguna. Harekilan Parisen euskaraz kantatu du hizkuntza gutiengo hizkuntzen bizitasuna adieraziz. Biek eta hainbat adiskidek ezabatu nahi lituzkete mintzaira eta kulturen arteko alferrikako mugak. Hizkuntza guzien ortzadarra eskaini nahi dute. Olympia antzokian artista bretainiar, okzitandar, kortsikarrekin egin bezela. Mezu bera zabaldu zuten Pariseko kasinoan eta 2024eko Francofolies deitu La Rochelleko festibalean, Argentinan egin biraren karietarat berdin.
Txirritak Miarritzeko Royalty-n grabatu du Patxik eta Annek eman kantu bat eta bihotzez eskertzen dut Paxkal Ondarts eta Maider bere alaba, gure lan taldea aterpetu bait zuten euria jautsi ahala ari zuelarik !
Lacho eta Alma Loca. Lacho, Antonio Jimenez, Anneren betiko konplizea dugu, gitarra flamenkaz laguntzen duena. Alma Locak egiten duen bezela. Euskal melodiekin eta Annek eta Patxik egiten dituzten kantuekin erabat ezkontzen da musika andaluziarra. Musika mestizaia eder eta aberatsa. Kultura eta eragin ezberdinak hoberenarentzat nahasten dira. Baionako Kultur Zentro espainolean Alma Loca errekontratzen dugu. Hauen ongi etorria eskertzen dut hemen.
Eta azkenez Aizkoa deitu gizonezkoen abesbatzako hiru lagun, zeintzuekin Annek kontzertuetan maiz kantatzen duen. Tenore eta ahots apalekin ezkontza kausitua. Anne Etchegoyenen boz paletaren sorta eskaintzen dizue Txirritak. Zinezko engaimendudun artista gaztearen erretratu sentikorra.
Mestizaia musikala
- Festa Anneren azken diskoa, Otentik-en argitaratua 2024an, Berak sortu zigiluan. Independentzia artistikoa segurtatzeko modua, auto-ekoizpena bultzatuz. Festa beraz, Anne eta Nils Frechillaren eskutik, Lachok lagundurik, Miarritzeko arrantzaleen portuan.
- Ixilik, emazteen kontrako eraso eta biolentzien salatzeko beste kantu bat, Patxi Garatek idatzia eta berarekin emana, Lachok lagundurik.
- Maria gure Ama, Anne Etchegoyen eta Christophe Casanavek idatzia, Alma Locarekin emana.
- Txoria txori Joxean Artze eta Mikel Laboaren kantu famatua, Aizkoa abesbatzaren hiru kideekin eskainia, Lacho gitarraz.
Gure artxiboetan
- Annek "Dis, quand reviendras-tu ?" Barbararen kantu ezin ederragoa ematen du, Gérard Daguerre pianoan ari delarik, 2022an. Barbara zenaren pianista !
- Annek "Ave Maria" lantzen du Ganbara orkestra gazte batekin France 3 Akitaniako estudioetan, "12 - 14 Eguerdi Atlantikarra" emankizunarentzat, 2005ean.
- "Ez da Ez / No es No" bideokliparen filmatzea (Anne Etchegoyen eta Jérôme Levatois) Baiona tipian, 2009an.
- Santiagorako bidean 2017an.
- Anne Etchegoyen Pariseko Olympian 2009an.
Txirrita France 3 webgunean eta nahi erran berriz aurki : replay sur la plateforme france.tv