Lehen gizakiek asmatu eta egin lanabesetatik Cristina Iglesias artista donostiarrak XXI. mende hasieran egin obrarainoko ibilbidea proposatzen du San Telmo museoak. Hemen modu oso erakargarrian Euskal Herriko Historia, Ekonomia, Kultura erakusten dira, euskal sena hobe uler dezagun.
San Telmo museoa :
120 urteko historia dauka erakustokiak bainan hasieran Donostiako beste auzo batean zegoen, Urgull mendi azpiko San Telmo Beneditarren konbentuan instalatu arte. 1902an sortu erakustokiak, Arkeologia ahantzi gabe, museo historikoa eta artistikoa izan nahi zuen eta izaten jarraitzen du. Hasieratik hori zen Herriko lagunen Euskal elkarte ekonomikoaren helburua.
Ignacio Zuloagaren papela garrantzitsua izan zen. Josep Mari Sert pintore katalana adiskide handiari elizan dauden oihal famatuak manatu zizkion. Sert orduan Parisen bizi zen, Diaghilev koregroaforen balete baten dekorado egilea besteak beste. Europa mailan erreferentziazko museoa berehala bilakatu zen San Telmo.
Horra proposatzen dizuedan bisita. Gelak neuk horrela izendatu ditut.
- Mundu nekezaleko gela :
Euskal kulturaren sustrai nekezalak ukatezinak dira eta neurri handi batean, « euskal » den askoren seaska da. Bainan arrantzak bere garrantzia dauka ere bai, mundu zabalean Euskaldunak ibili baitira. “Tradizioak bizirik dirau” saila eskaintzen du museoak hain zuzen kulturak bi mundu hauetatik edan baitu. Lanetik sortu zen hainbat jarduera, izan kirol alorrean, izan kultura alorrean aipatzen da. Mundu hau deit dezakegun euskal arimaren zutabe baten oinarrian dago: hau da, auzolana deritzana.
- Industria munduko gela :
Maiz gogoan izan dezakegun “betiko” euskal irudia ez zaio Industriari lotzen. Alta Euskal Herria egin, forjatu, landu du Industriak. Museoak atal horri ezohizko lekua ematen dio, irudi hau zuzentzen. Hor kooperatiben entsenplua ematen da, besteak beste Arrasateko Fagor enpresarena. José María Arizmendiarrieta ezkertiar katolizismoaren figura euskal kooperatibismoaren bultzatzaile sutsua izan zen. Eibarreko arma industria nola eraldatu zen ikus daiteke museoan ere bai : makina erreminta, Euskal Herriko produkzio errekonozituenetakoa, baina baita ere eskuterrak, txirringak, elektro tresnak, berebilak, Seat famatuak besteak beste.
- Historiaren gela :
Historiak leku handia du San Telmo museoan, Karlistadak, II. Errepublika, Trantsizioa garaia. Baitezpadakoa edo derrigorrezkoa da atal horren proposatzea bisitaria Euskal Herriaz jabe dadin, Euskararen aldeko borrokak eta atxikimendua zein euskal artea eta kultura hobe uler ditzan ere.
- Artearen gela :
Artea azkenik, erakustokian ikusten den guztiaren ondorioa da. Egoera eta kontextu politiko-ekonomiko-sozialaren emaitza alegia. Museoak deritzen zaion Euskal pintura eta eskultura eskolako obrei lekua egiten die. Maiz aipatzen da eskola horren ideia, nahiz noski, kanpoko influentzia asko izan. Edozein kulturek bezela euskaldunak ere sustrai sakonak izanda, lau haizetara zabaltzen du bere burua. Arte garaikide egileen artean emazteen presentzia azpimarratzen du San Telmok. Museoak etorkizun hurbilean emazteei toki gehiago eman nahi dio, izan kultura alorrean, izan euskararen alorrean. Politika sailan badaukate ia : Dolores Ibarruri, Karmele Errazti eta Polixene Trabudua esaterako.
Behin behineko erakusketak :
San Telmok behin behineko erakusketak antolatzen ditu. Museoko proposamenak aldatzen eta aberasten ditu aukera horrek eta bide batez nola kolekzio guziak ezin diren agerian eman eta biltegietan gordetzen diren, ba horrela bertako altxorrak deskubritzeko parada ederra da.
2023ko udaberrian horra filmatu ditugun hiru behin behineko erakusketak.
- Banbalinetan. Dans les coulisses.
Amable Arias, 60ko hamarkadan Arte munduko eraberritzearen ordezkari nagusietako bat dugu, uztarri frankistatik libratzeko azkar jo zuena. Best zonbaiten artean Jorge Oteizak, Chillidak, Nestor Basterretxeak sortu Gaur taldekidea izan zen, Abstrakzioaren munduan sarturik. Baina erakusketa hontan, bere gaitasunaren alde ez hain ala batere ez ezaguna agerian uzten da : bere amak lan egiten zuen Donostiako Antzoki zaharrean antzesleek erabili jantzi eta antzerkientzako dekoradoen akuarelak, zirrimarrak, marrazkiak. gazte denboretako obrak.
- Dantzaz ele.
Miarritzeko Maritzuli dantza konpainiak euskal dantzen jantziei buruzko erakusketa proposatzen du. Iparraldeko dantzen lau une garrantzitsuak aurkezten dira : San Telmoko klaustroan, Zuberoako maskaradak. Uztritzeko kaskarrotak. Kalbakadak. Besta Berri, aldiz, San Telmoko elizan. Miarritzen eta Baionan aurkeztu ziren jantzi izugarri politak, oraindik ere konpainiak erbailtzen dituena gainera ! "Tradiozioak bizirik", zinez !
- 90 Berriak.
Emankizunean Euskal Herria inoiz uharte bat ez dela izan zehar ohartzen gara : hots aparte dagoen herri bat. Munduko kontzertuan partaide da eta kultura mailan nolaz ez ! 90 berriak deitu behin behineko erakusketan aurkezten den hainbat obra horren adierazle dugu. Hala nola Donostian, 90ko hamarkadan nabe industrial ohi batzuetan artistek sortu zituzten tailerren adibideak ematen dira. Kolektibo oso emankorrak loratu ziren. Gauza bera gertatu zen Bilbon eta Gasteizen.
Gure Gomitak.
Karmele Barandiaran : Garapenaren arduraduna
Nerea Izagirre : Ikerkuntza arduraduna
Ana Iza : Jarduera teknikaria
Erabili ditudan abestiak.
"Acrobatas" albumen grabaturiko "En el trampolin" Mikel Erentxunen kantua. Garaian Mikel Arteleku proiektuaren partaide izan zenez.
"Leonen Orroak" Ibon Kotero eta Kepa Junkerak egin diskoa, alboka eta trikitixaren doinuek franko ederki ilustratzen dute nire aburuz museoan egin ibilaldia.
"Topak" DJ Makala eta Korrontzi -ren eskutik disko oso interesgarria, musika tradizionala eta elektronikoa arras ongi ezkontzen dituena.
"Himno de Riego", "Chants de la guerre d'Espagne" diskotik ateratakoa, Frédéric Rossif frantses dokumentala egileak bururatu Espainiako gerrari buruzko filma ilustratzen zuena.