Jose Luis Zumeta zendu da eta beste mundu bat baldin bada, koloreztatzen hasi dela duda izpirik ez da, bizi osoan, berea koloreztatu zuenez.
Artista aipatzen duten guziak koloreekin Zumeta alderatzen dute. Kolore suzko trakak dira bere obrak
Nahiz gai lazgarriez ari, koloreekin jolasten zuen, 2000an Picassoren omenez aurkeztu Gernika deitu margolana konparazione. Hain segur, sortu zen frankismo garaietako kolore gris nagusi haietarik ihes egiteko. Zumetak erraiten ohi zuen oihal aitzinean jartzen zelarik, pintzelak, eskuak eramaten zutela helmuga batera. Koloreek eman eta proposatu mugimenduari jarraikiz abiatzen zela margolan bat egiten. Aurreideiarik gabe, askatasun osoz. Ustegabeaz fidatzen zen.
Euskal herrikoez gain, New York, Madril, Valentzia, Bartzelona, Mexiko, Evantonen erakusketak egin zituen artista gipuzkoarrak, ezagutza eta aitortza izanik. Museoek eta galeriek ateak ideki eta arte kritikoek laudoriozko zutabeak idatzi bazizkioten ere, herriak bere egin zuen Jose Luisen obra.Nahi gabe heldu gauzak ederrenak dira niretzat. Zorteak dakartzanak. Hori da pizgarria niretzat, jakinduria baino gehiago
Jose Luis Zumeta
Ez zuen mugarik ezarri “aditu” eta ustez “ezjakitunen” artean. Bere baitan zeukan ortzadarra irudikatzen zuen. Indar eta bizi energia hauek aunitzek ulertzen zituzten eta maite. Intuizioz. Hainbat aldiz Zumetak ez ote zuen hedabide, elkarte edo ekimen batentzako margo bat bururatu eta eskaini ? Herriko artista zen. Gaur* taldearen bidetik zihoan beti : herri batekoa zela, herri horren partaidea, bere gisan. Euskal Herrikoa eta mundukoa izanda.
Usurbilen sortu zen 1939an, zortzi anaiarrebetan laugarrena. San Esteban auzoko baserri txikian bizi ziren. Bost urte zituela Donostian zeukaten izeberen etxera igorri zuten gurasoek La Salle fraileen ikastetxean ikas zezan. Han hasi zen margotzen, Argia astekarian, 2008an, Amets Arzallusek egin elkarrizketan adierazi zuenez.Zumeta jatorra eta egiazkoa zen.
Batean espresionismo eta bestean abstrakzio nola figurazioa landu zituen pintoreak genero hauen arteko mugak gainditzen zituen. Koloreari egiazko funtzioa eta balioa eskaini zizkion. Neolitikoan Ekain kubazuloetan aritu ziren artisten lekukoa hartu zuen.
Jean-François Larralde, Arte kritikaria eta erakaslea
Zumetak zioen fraideek kaligrafia eta marrazkigintza baloratzen zituztenez, astean bitan arratsaldez marrazteko klaseak zituela. Hor errebelatu zen bere dohaina. 14 urteekin hasi zen lanean, Donostiako inprimategi batean, non oraindik gehiago handitu zen bere zaletasuna, nagusiak babesturik (Antonio Valverde, bera ere margolaria, Antton Valverde kantariaren aita). 20 urte zituela Parisera joatea deliberatu zuen. Han asetzen hasi ziren bere literatura eta arteen goseak eta egarriak. Pablo Picasso, Paul Klee, Asger Jorn eta bere CoBrA mugimendua zein Nazioarteko situazionista. Bertan ezagutu zuen Rafa Alberdi beste euskaldun artista batekin marrazten segitu zuen, maiz ere Pariseko espaloi gainean, klarionez, iragaileek utzi lismonatxoren bat jasoz, Argiako delako elkarrizketa ederrean oroitzen zen bezela. Bohème deitu bizia oso gustukoa izan zuen, orduko Espainian eta Hego Euskal Herrian ez zegoen libertatea ezagutuz, eta aunitz ikasiz.Erdaraz ez nekien eta behar bada horregatik marrazten nuen hainbeste, neure kasa egoten nintzen marrazten, mundu arrotz hartatik babestu egiten ninduen marrazkiak.
Jose Luis Zumeta
Handik itzuli zelarik, 60ko hamarkadaren hastepenean, lehen erakusketak egin zituen eta ordukotz ospe handia ia zeukan Jorge Oteiza akitekto, zizelkari eta pentsalariak bultzatu Gaur artisten taldean sartu zen. Bi urtez iraun zuen kolektiboak mundu zabalean ezagutuko zen euskal pintura eta eskulturari oinarri sendoak ezarri zizkien, babesa eta zabalbidea.
Zumetak beste alor artistikoekin bat egin zuen ere bai, hala nola, Ez dok amairu musikari, abeslari eta olerkari talde famatuarekin. Artista guzti hauek euskal kultura espresabide oroei iraultza eskaintzen zieten, modernitatea, garaikidetasuna. Orduan betirako adiskidetasuna eta konplizitatea sortu ziren Joxean Artze eta Mikel Laboarekin. Oso urte oparoak izan ziren artistentzako eta euskal kulturarentzako, ghettotik ateratze bat, munduko korronte artistikoen bidelagun izateko aukera.
*Nortzu ziren Gaur taldean ?
Eskultoreak : Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu.Margolariak : Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta.
Gipuzkoan bezela, euskal artisten kolektiboak sortu ziren Bizkaian, Emen deitzen zena, Orain Araban eta Danok Nafarroan. Diktadura garai hauetan, bizi eta jasan behar zuten isolamendua apurtzea, nazioarte mailan harreman artistikoen garatzea eta beren obren ezagutaraztea zuten xedea. Orduko Espainiako “ofizialtasun artistikoa” galdekatzen eta kritikatzen zuten.
Zumetaren obrak ikus daitezke besteak beste, Donostiako Kur galerian, Urdazubiko Zubi Arte galerian eta Bilboko Arte ederren musoean.
81 urte bete berri zituen margolariak oraindik ere segitzen zuen bere bidetik. Beti ere herriarekin konektatuz, besteei kasu eginaz. Horren lekuko dugu “Oi ! Bihotz” deitu lana : Arrasateko erietxe psikiatrikoko pazienteek idatzi testuetarik abiatuz serigrafien bilduma egin zuen, poesiek hain hunkitu baitzuten. Bere giza zein herri ingurumenak goihatsaren iturburua izan zuen : Donostian, Atallun nola Usurbilen kokatuak izan zituen tailerretan.
Oroz gainetik, haurrek duten margotzeko eta marrazteko modua gustukoa zuen Zumetak. Atxiki zuen lan egiteko eta mundu ikusteko freskura hura. Agian hau dela eta, hainbat euskal herritarrek bihotzeko pintorea izan dute Zumeta. Azken urteotan buru gainean zeraman txapela, maleziaz beteko begirada, irri eztia, eta obra erraldoia gelditzen dira. Koronabirusak ezindu ditu zor zaizkion omenaldiak. Bainan aunitz jendek lore sortak utzi dituzte Usurbilen, sorterrian ezarri zuen zeramikazko murala haundiaren gainean bere heriotza jakinda, eman argazki azpian. Esker onez eta atxikimendu gisa.