Anje Duhalde euskal rockaren aitzindari eta norki txit ospetsua da. 50 urtez eta pixkat gehiago kantagintzan eta oraindik ere taula gainean eta sortzaile ! « Muga bat beti hor » bere azken bideoklipa horren adierazgarria dugu. Hizkuntza eta herriaren errekonozimenduaren aldeko artista engaiatua da. Rock eta folk munduen artean nabigatzen den haren musika maite dituen idazle eta olerkarien zerbitzuko ematen du.
Anje Duhalde
Arrangoitze, sorterria du, non gaur egun bizi den. Uztaritze, haurtzaro eta nerabezaroa iragan dituen herria. Lizeoan Kontalaritza estudiatzera Baionara doa, baina musika du pasionea. 15 urteekin lehen bateria erosten du eta bi urteren buruan, musika bidea hasten. Euskal kantuak ematen hasten den lehenengo orkestrarekin, hots El Fuegorekin 1967an bat egiten du. Musikari eta zizelkari uztarriztar ospetsua den Frantxoa Saint-Esteben taldeko sortzaileari emankizunean gorazare egiten dio Anjek.
Rock eta folk musikak haren inspirazio sorburuak dira : Beatles, Rolling stones, Elvis Presley, Dylan, John Hiatt, Jimmy McCarthy eta Brassens Europe numéro 1 deitu irratian pasatzen dira 60ko hamarkadaren bukaeran. Duhalde gaztearen irrati gogokoena, orduko musika aunitz emititzen duelakotz. 70ko hamarkadako Euskal kantaberriak beregan ere eragina dauka, Benito Lertxundik batez ere.
1974, urte handia ! Anjek Errobi bikotea Mixel Ducau partaidearekin sortzen du, geroxago rock-sinfoniko talde eraginkorra bilkatuko dena. Bost urtez iraunen du musika abentura aberatsa eta emankorra. Errobi taldeak euskal musika errotik aldatzen du : gitarren erriffak, bateria. Lehen aldikotz halako musika bat euskaraz egiten da, Hego Euskal Herria barne non Koxka rock taldea baizik ez dagoen orduan. Errobik Daniel Landart idazle eta poeta konpromitua abesten du, zeinek barnekaldeko odol huste, euskal nortasunaren galera eta arazo sozialak aipatzen dituen.
1974tik 1979ra arrakasta handia dauka taldeak. 1985an ateratzen den Ametsaren bidea deitu diskoaren hitzak idazten ditu Anjek eta Mixel Ducauk musikak. Opusa Bernard Tavitian-ek ekoizten du. Musikaz guztiz apasionatua den irratilaria zenbait urteren buruan France 3 Euskal Herriko erredaktore burua izango dena. 2023ko udaberrian zanpez hil den laguna Anjek eta biok omendu nahi izan dugu. Bernard, Beñat hemen batzuek deitzen zutenez, Errobirengan fedea zeukan, hortzez eta haginez defendatu zuen.
80ko hamarkadan, Anje Akelarre orkestrakide bilakatzen da. Bi disko eginen ditu taldeko ahotsa izanik. 1985tik goiti bakarkalari gisa ari da. Kantu tradizionalak interpretatzen ditu, horren maite eta miresten duen Brassens euskaratzen du, eta hainbat autoreren olerkiak eta textuak musikatzen ditu, hala nola Xabier Amurizarenak. Jagoitik bi artistak lotzen ditu sekulako konplizitateak.
22 diskotan grabaturik dagoen bere lanbide oparoa (oparoa, nik errana ez Anjek arras umila denez) aipatzen digu Anjek eta Txirritarentzat hiru konposizio eskaintzen dizkigu, bai eta ere 2023an atera den bere azken bideoklipa aurkezten digu.
Kantuak :
« Kapito Harri » (Oxobi - Anje Duhalde).
- Abesti horrekin, Anje Duhalderen unibertsora sartzen gara : Kapito Harri, Uztaritzeko toki historiko garrantzitsua. Duhalde sendiaren laguna, Anje bataiatu zuen Oxobi poetak idatzi zuen textu ederra. Iraultza arte Lapurdiko herrietako ordezkariek probintziako arauak deliberatzeko ospatzen zuten biltzarra (Lapurdiko Biltzarra alegia) omentzen du.
« Eskuara » (Oxobi - Anje Duhalde).
- Euskarari buruzko abesti zoragarria. Euskara Anjeren ama hizkuntza eta guduka. Eskuara nahitara idazten dut Oxobiren grafia errespetatzeko asmoz, lehenengo Lapurtarrek eta Nafarrek horrela erraten eta idazten baitzuten. Zortziko bat da Anjek asmatu doinu puxant eta indartsua.
« Loretxo bat» (Georges Brassens) « Une jolie fleur ».
- Poeta horren euskaraz itzultzea ez da erraza. Hitzez hitz ezin da hizkuntza batetik bestera hainbat erran-molde itzuli. Askotan zentzurik ez baitu. Halanola peau de vache euskaraz listafina erraiten du Anjek. Zendako ? Aha ! Emankizuna ikusi beharko duzu !
Bideo klipa : « Muga bat beti hor ».
- Anjek konposatzen du beti, horren adierazle 2023an grabatu berri duen bideoklipa. Gai garrantzitsua aipatzen du : herria, muga. Muga bat fisikoa, politikoa baizik ez dena baina azkenean geure buruan dagoen muga. Xabier Amuriza, kantuaren hitzen egileak muga hitzarekin jolasten du : muga ote da ala limitea ? Gu guziok dauzkagun limiteak ote ? Limite hauek gizaki egiten gaituzte.
Musikariak :
Txomin Duhalde : saxoa eta perkusioak.
Rémy Gachis : gitarrak.
Michael García Aldasoro : ados, Txirrita hontan ez du musika tresnarik jotzen bainan hirukoteak eskaini hiru kantuen soinu nahasketaz arduratu da eta bere estudioa utzi digu. Esker mile !
Artxiboak :
« Errobi 1978 » Bernard Tavitian-ek ekoiztua, Jacques Tréfouël-ek bururatua eta Françoise Oukrate-k editatua. Anje Duhalde eta Mixel Ducaurekin errekontratzea, Errobi bikote eta rock laukote gisa baterian Beñat Amorena-rekin eta kcontrabasuan Jean-Paul Gilles-ekin.
« Anje Duhalde - Brassens 2000 » France 3 Euskal Herriko magazina, Ttotte Darguy-ren eskutik, kamara : Franck Menestret, editailaria : Laurent Maquaire
Eskerrak:
INA-ri, zeren eta maiz instituari esker beharrezkoak zaizikidan artxiboak aurkitzen bait ditut. Txirrita hontan badaude halako artxiboak, INAk ongi zainduta !
Arrangoitzeko Herriko etxeari Anje Duhalderen elkarrizketak lasai egin genitzan Naturaren antzokia utzi bait zigun euria jauts ahala ari zuelarik. Eguraldi tzarrak Uztaritzen eta Errobi hegian sekuentzi batzu filma genitzan ez zigun aukerarik utzi. Horrela da kontua, batzutan gauzen egitea ezinezkoa da. Arrangoitzek Txirrita uretatik salbatu zuen !
Berako Mik estudioari eta Michael García Aldasoro zeinek Anjerekilako adiskidetasunez estudioa utzi zigun eta grabaturiko kantuen soinu nahasketa egin.
Euskal Kultur Erakundeari Frantxoa Saint Esteben (El Fuego taldeko sortzailea), Xabier Amuriza et Daniel Landarten argazkiengatik.
Euskal Idazleen Elkarteari eta Bertsolari aldizkariari Xabier Amurizaren beste argazki zenbaitengatik.